Gizakia Fundazioak bat egin du Azaroaren 25arekin, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzeko hainbat ekimenen bidez
Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, dela eta, Gizakia Fundazioaren programa, zerbitzu eta prestakuntza-ekintza ezberdinetan hainbat jarduera egingo dira egun hauetan, indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko, hausnarketa sustatzeko eta berdintasunarekiko konpromisoa indartzeko.
Gordexolako Komunitate Terapeutikoan, erabiltzaileek pankartak prestatu dituzte zentroan jartzeko, eta Emakunderen adierazpena irakurriko dute elkarrekin. Horrez gain, nahi dutenek arratsaldean Gordexolan antolatutako elkarretaratzean parte hartuko dute. Sukaldaritza eta Arreta Soziosanitarioko ikastaroetan ere bat egingo dute egunaren ospakizunarekin, La boda de Rosa filmaren inguruko zine-forum baten bidez. Bertan, autoestimarekin, erresilientziarekin eta autoezagutzarekin lotutako gaiak landuko dituzte.
Bailen eta Ekin baliabideetan, aste osoan zehar sentsibilizazio-ekintzak egingo dira kartelen, informazio-materialen, ikus-entzunezkoen eta erabiltzaileekin partekatutako hausnarketa-guneen bidez. Ekinen kasuan, emakumeek Emakunderen adierazpena irakurriko dute elkarrekin, eta baliabidean ikusgai geratuko diren mezuak eta kartelak prestatuko dituzte.
Madariagan, berriz, eraikineko hainbat gunetan informazio-materialak jarriko dira, eta berdintasunari buruzko tailer bat egingo da. Garapena programako eta Eguneko Zerbitzuko emakumeek Emakumeok Bidean taldeak antolatutako mobilizazioan parte hartuko dute, aurreko asteetan gai horren inguruan egindako prestaketa-saioetan parte hartu ondoren. Gaztelania eta Datu Grabazioko ikastaroetan ere egun honen esanahia eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde lanean jarraitzearen garrantzia landuko dira.
Jardueretan, gainera, UNADen "Genero-indarkeria eta adikzioak" kanpainako materialak erabiliko dira. Aurten, kanpainak arreta berezia jarri du adikzio-arazoak dituzten emakumeek jasaten dituzten indarkerietan, baita haien beharrei erantzuteko arreta integrala bermatzearen garrantzian ere.
Ekimen hauen guztien bidez, Gizakia Fundazioak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko eta indarkeria matxista mota guztien prebentzioarekiko duen konpromisoa berretsi nahi du. Gure eguneroko lanaren parte den konpromisoa da, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonekin batera egiten dugun lanean presente dagoena, espazio seguruak, inklusiboak eta diskriminaziorik gabekoak sustatuz.











