Gizakia Fundazioak 40. urteurrena ospatuko du Deustuko Unibertsitatean, gizarteratzearen eta prebentzioaren arloan erantzun partekatuak sustatzeko
Azaroaren 5ean eta 6an, Deustuko Unibertsitateko Auditorio Nagusiak «Bideak Eraikiz» Jardunaldi Teknikoa hartuko du. Topaketa hau adikzioen arloan laguntzan eta esku-hartzean egindako lau hamarkadako ibilbideari buruz hausnartzeko ez ezik, etorkizuneko lankidetza eta aliantzak eraikitzeko aukera ere izango da.

Bilbo, 2026ko azaroa

Berrogei urteek askorako ematen dute: ikasteko, ikasitakoa berrikusteko, etengabe egokitzeko eta, batez ere, helburu bera partekatzen duten pertsonekin eta erakundeekin lotura sendoak eraikitzeko. Horri helduta, Gizakia Fundazioak bere 40. urteurrena ospatuko du «Bideak Eraikiz: gizarteratzearen, adikzioen eta prebentzioaren arloan erantzun partekatuak sustatzen» jardunaldi teknikoa antolatuz.
Topaketa azaroaren 5ean eta 6an izango da, Deustuko Unibertsitateko (Bilboko Campusa) Auditorio Nagusian, 09:00etatik 14:30era bitartean. Bertan, gizarte-, akademia-, erakunde- eta nazioarte-mailako profesionalak elkartuko dira, esperientziak partekatzeko eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko.
Bi goiz, bi ikuspegi osagarri:
- Azaroaren 5a, osteguna - Gizarteratzea eta adikzioak: Lehen jardunaldian adikzioak dituzten pertsonen laguntzan eta esku-hartzean aurkitzen diren benetako erronkei helduko zaie. Pertsona ardatz duten esku-hartze ereduak, emaitzen ebaluazioa eta administrazio publikoaren, gizarte-erakundeen eta profesionalen arteko lankidetza-eredu partekatuaren beharra izango dira hizpide.
- Azaroaren 6a, ostirala - Prebentzioa eta haur eta nerabeak: Bigarren jardunaldian prebentzioa izango da ardatza, eraginkortasun handieneko esku-hartze tresna gisa ulertuta. Horretarako, politika publikoak, lankidetza publiko-pribatua eta gaur egungo haur eta nerabeen errealitateetara egokitutako estrategiak landuko dira.
Gizakian ez dugu jardunaldi hau helmuga gisa ulertzen, baizik eta abiapuntu gisa. Izan ere, egunero eskaintzen dugun arreta hobetzen eta berritzen jarraitu nahi dugu. Eta bide hori erakundeekin, profesionalekin eta gizarte-eraldaketarekin konprometituta dauden gizarte-erakundeekin batera egin nahi dugu; izan ere, badaude bakarrik eraiki ezin diren bideak, eta erronka handiak ditugu oraindik aurrean.
Zure zain izango gara.
Egitaraua eta izen-ematea: 40aniversario | Gizakia




