Martxoak 8: emakume guztientzako benetako berdintasunaren alde
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, lortutako aurrerapausoak ospatzeko eguna da, baina baita oraindik ere gure gizartean dauden desberdintasunei begiratzeko aukera ere.
Egunero, beren bizitza berreraiki, aukerak berreskuratu eta beren proiektu pertsonalak aurrera eraman nahi dituzten emakumeekin egiten dugu lan. Emakume horietako askok indarkeria, diskriminazioa, prekaritatea edo bazterketa egoerak bizi izan dituzte, eta horrek zaildu egiten du autonomia eta ongizatea lortzeko bidea.
Haiengatik, eta oraindik ere askatasuna eta aukerak mugatzen dituzten oztopoei aurre egin behar dieten emakume guztiengatik, Gizakiak bat egin du aurten ere Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenarekin.
Martxoaren 8aren aurreko egunetan, Fundazioaren programa eta zerbitzuetan hainbat sentsibilizazio eta hausnarketa jarduera egin dira, berdintasuna sustatzeko, genero-estereotipoak zalantzan jartzeko eta indarkeria matxistaren prebentzioan aurrera egiten jarraitzeko.
Aurten, Emakunderen «Eman tokia berdintasunari» kanpainak gogorarazten digu gizarte bidezkoago bat eraikitzeko guztion konpromisoa eta parte-hartzea behar direla. Konpromiso hori egunerokoan gauzatzen da: erakundeetan, lan-esparruan, familietan, harremanetan eta baita gure esku-hartze sozialean ere.
Izan ere, berdintasuna ez da dagoeneko lortutako helburu bat. Egunero eraikitzen den erantzukizun partekatua da: aukerak sortuz, oztopoak kentuz eta emakumerik atzean gera ez dadin lan eginez.
Gizakian lanean jarraituko dugu emakume batek ere ez dezan bakarrik aurre egin zaurgarritasun-, indarkeria- edo bazterketa-egoerei, eta emakume guztiek beren bizi-proiektua duintasunez, autonomiaz eta askatasunez garatu ahal izan dezaten.





