Gizakia Fundazioak bat egin du Euskara Tratuekin
Gizakia Fundazioak bat egin du Euskara Tratuekin, “Euskaraz konektatu!” erronkaren bidez
Aurten, Gizakia Fundazioak parte hartzen du Euskara Tratuak ekimenean. Ahize-AEK-k sustatutako egitasmo honen helburua da euskararen ezagutza benetako erabilera bihurtzea, egunerokoan erraz bete daitezkeen konpromiso txikien bidez. Azaroaren 13tik abenduaren 3ra bitartean garatzen den dinamikak parte-hartzaileak gonbidatzen ditu lan-ingurunean hizkuntza-ohitura berriak hartzera, betiere borondatez, elkarri lagunduz eta bakoitzaren erritmoa errespetatuz.
«Euskaraz konektatu!» lelopean, Fundazioak egitarau propioa jarri du martxan, langileak euskara gehiago erabiltzera animatzeko eguneroko harremanetan. Proposamena euskaraz ohituta dauden pertsonei zein lehen urratsak egiten ari direnei zuzenduta dago, denek ere hurbileko eta konfiantzazko giro batean praktikatzeko aukera izan dezaten.
Egindako ekintzen artean daude informazio-materialak intranetean eta lantokietan zabaltzea, ekimenean izena emateko eta norberaren konpromisoak edo berbatratuak jasotzeko formularioak sortzea, eta euskararen erabilera modu praktikoan eta pixkanaka sustatzeko asteko erronkak antolatzea.
Aurtengo berrikuntza nagusia taldekako berbatratuen lehiaketa izan da. Dinamika honetan, bi eta bost lagun arteko taldeek, ahal dela zerbitzu desberdinetakoek, elkarrekin hartzen dute euskara beren eguneroko jardunean txertatzeko erronka. Hiru astez, taldeek hainbat erronkatan parte hartzen dute, hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta lankideen artean euskaraz komunikatzeko aukera berriak sortzeko.
Euskara Tratuak ekimenean parte hartuz, Gizakia Fundazioak berretsi egiten du euskara harremanetarako, lanerako eta elkarbizitzarako hizkuntza gisa sustatzeko duen konpromisoa. Izan ere, hitz bakoitzak balioa du, elkarrizketa bakoitzak batzen du, eta ohitura berri bakoitzak laguntzen du euskara gero eta presenteago egongo den espazioak eraikitzen.


